
Hegoaldeko Muga europar migrazio politikaren laboratorio eta ekialdeko mugak kudeatzeko eredu gisa. Afrikatik datozen pertsona migratzaile ia guztiak kanpaleku inprobisatuetan hilabeteak ematen dituzte Ceuta eta Melillako harresiak gainditu ahal izateko; honek, orotariko bortizkeria pairatzea eguneroko kontua izatea eragiten du, bai Marokoko poliziaren eskutik bai eta mugan dauden Guardia Zibilen eskutik.
1998. urtetik aurrera mugek bizi izan duten militarizazio prozesua honela laburtzen da: gailu sofistikatuekin eta neurri hertsatzaile basatiekin (kontzertinak) altxaturiko harresiak inor Ceutan eta Melillan sar ez dadin. Harresia zeharkatzen dutenen artean, gehienak ‘beroan’ marokoko poliziaren eskuetara ‘itzultzen’ dira, identifikatuak izan gabe eta inolako osasun arretarik jaso barik. Ez hori bakarrik, Lagunduta Ez Dauden Gazteak gutxiengo baldintzak betetzen ez dituzten egituretan metatzen dituzte. Ondorioa? Gazte horiek handik ihes egin eta kalean aukeraren bat bilatzera behartuta ikusten dute euren burua.
Espainia Europar Batasunean sartu zenean Ceuta eta Melilla Aduana Batasunetik at geratu ziren, ez ohikoa den merkataritzaren hazkundea eraginez, zamaketariak kasu. Emakume horiek bizirauteko oso zama astunak arras estuak diren baldintzetan garraiatzen dituzte egunero. Muga-postuen egiturak berak ilara amaigabeak eta pilaketak eragiten ditu eta, askotan, emakumeak akatzen dituzten jende-oldeak ere.